2018-03-21

100 ITSASONTZI TRADIZIONAL ETA HISTORIKOK HARTUKO DUTE PARTE PASAIA 2018 NAZIOARTEKO ITSAS FESTIBALAREN LEHEN EDIZIOAN.

Gaur goizean Pasaian egindako prentsaurrekoan aurkeztu dira komunikabideen aurrean Pasaiako I. Nazioarteko Itsas Festibalean parte hartuko duten itsasontzi tradizional eta historikoak.

 

Ekitaldi honetan parte hartu dute Izaskun Gomez Pasaiako alkateak; Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatuak; Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Xabier Agote Festibaleko zuzendariak. Guztiek azpimarratu dute Pasaian maiatzaren 17-21 egunetan ospatuko den ekitaldi honen nazioarte mailako garrantzia.

 

Izaskun Gomezek adierazi du Pasaiako biziberritzeak ezin duela soilik urbanistikoa izan, Festibal honek herriari emango dion biziberritze sozial eta kulturalarekin batera joan behar duela baizik. Denis Itxasok, Izaskunen hitzak azpimarratuz, horrelako ekitaldiek hain zuzen kultural oinarritutako turismoa erakartzen dutela azaldu du, eta Retortillo sailburuak berriz Euskadi mailan merkatu ezberdinetako turismoa desestazionalizatzeko horrelako ekitaldien alde apustua egin du, merkatu frantsesari zehazki aipamena eginez. Xabier Agotek, bukatzeko, festibalean herritarren partaidetza eskertu nahi izan du, inplikatu diren eta elkarlanean ari diren eragile guztiena, eta bereziki Zaporeak elkartearen partaidetza goraipatu du, egun horietan gure badia bisitatzen duten tripulatzaileen otorduez arduratuko baitira, etekinak gerragandik ihes itsasoz datozen siriar errefuxiatuen alde erabiliko direlarik. Era berean, Europan egiten diren antzeko festibalak aipatu nahi izan ditu Agotek, orain Pasaian antolatzen ari garen jaialdiaren erreferentzia eta eredu izan daitezkeelako; eta azkenik ekitaldian parte hartuko duten itsasontziak aurkeztu ditu.

 

100 itsasontzi tradizional eta historiko inguruk hartuko dute parte Festibalaren lehen edizioan

 

Tamaina handiko itsasontziak izango dira Pasaian, besteak beste Hermione (Lafayette markesa Estatu Batuetara independentziaren gerran borrokatzera eraman zuen ontzi frantsesaren erreplika), Kaskelot (Danimarkan eraikitako 3 mastako ontzia, zineman askotan ateratakoa), Le Biche (Atlantikoko beladun azken atunontzi tradizionala), Mater (euskal arrantzaleen tekniketan oinarrituta eraikitako egurrezko azken atunontzia), Ozentziyo (Hegaluzearen arrantzarako erabilitako Euskal Herriko azken egurrezko atunontzia), Saltillo (1932an eraikitako balandroa, egun Euskal Herriko Unibertsitatearen Itsas Eskolarena)… Baina tamaina txikiagoko ontzi ugarik ere hartuko dute parte festibalean, tamaina txikia izanagatik ondare  aldetik garrantzia handikoak.

 

Galiziak, lehen edizio honetako ohorezko gonbidatu izanik, protagonismo berezia izango du Pasaiako badian. Ez da bakarra izango ordea; itsas ondarea berreskuratzen diharduten euskal elkarte ezberdinen ontziak ere, Pasaiako Albaola bezalako elkarteenak alegia, bertan izango ditugu: Albaola, Euskal Bateleroak, Beduola, Egurrezkoak, Itsas Egur Haizean, etab.

 

Frantziatik etorritako ontzi tradizionalen ordezkaritza ere izango du Festibalak; nabarmentzekoak dira hauetatik 12 ontzi, Frantzian monumentu historiko izendatuak baitaude.

 

Guztira 100 itsasontzi inguru eta 400 tripulatzailetik gora elkartuko dira Pasaian, itsas ondarearen nazioarteko jaialdi handi honetan.

 

Festibalean parte hartuko duten itsasontzien zerrenda osoa www.pasaiafestival.com webgunean argitaratzen joango da.

 

Festibal honek, aurkezpenean azpimarratu den moduan, itsasoan eta itsasontzi tradizionaletan jarri nahi ditu begiradak, baina lehorrean ere herri ezberdinetako itsas kulturarekin loturiko jarduerak burutuko dira. Musika, gastronomia, artisautza eta tailer ezberdinek osatuko dute itsasontzi hauen inguruan antolatuko den egitaraua, beti ere alderdi kulturalena eta identitarioena bilatuz eta herriko itsas kulturarekiko harreman zuzena azaleratuz.

 

Pasaia 2018 Itsas Festibalak iraganera eramango gaitu, gure historia bizitzeko eta antzinako itsas-gizon eta emakumeen eguneroko bizitzaren esentzia arnasteko. Galdu ezin dugun hitzordua!