2018-05-15

L’HERMIONE BORROKAN ARI DA, ENBATAREN ERDIAN, FINISTERRE LURMUTURRA BIRATU ETA PASAIARA IRISTEKO

Jaialdiaren antolakuntzak ziurtatzen du sarrerak itzuliko dituela eta aukeran eskainiko du bisitaren ordutegia aldatzea.

 

Antolakuntzak argibide gehiago emango ditu L’Hermione-ren egoeraz prentsa aurreko batean bihar, goizeko 11:30etan, Aldundian.

 

Esan daiteke ia guztiz baztertuta dagoela L’Hermione itsasontzia maiatzaren 17ko arratsaldean sartzea, denboralearen egoeragatik eta itsaso zakarragatik. Frantziako itsasontzia Portimao-tik atera zen maiatzaren 11n, baina itsas bidearen lehen urratsetatik, baldintza izugarri latzak ari da pairatzen, aurkako korronte gogorra ari baita izaten, ipar-mendebaldeko haizea 60 km/h, eta 4 metroko uhin zakarrak.

 

Nabigazio baldintza zail horietan, oso gaitza du aurrera egitea belaontzi batek, gehiago L’Hermione bezalako itsasontzi batek, bereziki nabigaziorako leku zaila baita, Finisterreko lurmuturra. Egoera oso korapilatsua da, neke eta zailtasun handiz egin baitezake aurrera. Kapitaina eta eskifaia ahalegin ikaragarri bat egiten ari dira bidean aurrera egiteko, betiere ontziaren eta bertan doazen guztien segurtasuna zainduta, ezer baino lehenago. Nabigazio eragiketa guztiak zuzentzen ari dira egoerari ahal bezain ongi aurre egitera, orain arte egindako bidean atzera egin behar ez izateko, begizta erako maniobrak eginez, ekialdetik mendebalderantz.

 

Hitz hauek idazten ari garen unean, Finisterre biratzeko ahaleginetan ari da L’Hermione, horrela, hurrengo 36 orduetan irekiko den barealdia baliatu ahal izateko, dirudienez baldintza hobeak izango baitira Galiziako lurmuturra atzean uzteko. Saialdi hori ondo ateratzen bada, hurrengo egunetan Pasaiara sartu ahal izango da, baina, hala eta guztiz ere, badirudi erabat ziurra dela atzerapen handi batez iristea; oraingoz, ezinezkoa gertatzen da noiz iritsiko den zehaztea, ziur jakin arte itsasontzia Bizkaiko itsasora heldua dela, Pasaia alderako norabidea hartuta.

 

Eguraldi gaiztoaren eta zailtasun guztien gainetik, antolakuntzak espero du L’Hermione itsasontziari jaialdiaren barruan harrera egitea; prest azaldu da eskatzen duenari sarreraren dirua itzultzeko, eta berrantolamendu plan batean lanean ari da, nahi duten guztiei bisitarako egun-orduak aldatu ahal izateko. Xehetasun horiek baieztatuko dira L’Hermione Pasaiara noiz iritsiko den zehazki dakigunean.

 

Hala eta guztiz ere, L’Hermione-ren zailtasunen gainetik, Itsas Jaialdia oihalak betean doa aurrera. Izen emandako 100 bat itsasontzietatik gehienak inguruetan ditugu, beraz ziur da jaialdian parte izango direla. Era berean, agertokiak eta musika errezitaldiak egiteko gune guztien prestaketa martxa onean doa, eta folklore edo gastronomia erakustaldiak ere baieztaturik daude.