2018-05-19

Ontzietako eskifaiak elikatzeaz arduratu da Zaporeak elkartea Itsas Festibalean zehar

Bertan eskuratutako irabazi guztiak siriar errefuxiatuei laguntzeko ZAPORE SOLIDARIOAK proiektura zuzenduko dira.

 

 

100 ontzi tradizional baino gehiago hurbildu dira gure kostaldera, eta hauekin batera, Europako puntu desberdinetako 400 eskifaia. Zaporeak elkartea arduratu da 400 eskifaia hauek elikatzeaz, eta bertan lortutako irabaziak, CHIOS proiektuaren bidez, Siriako gudatik ihesi dabiltzan errefuxiatuentzat izango dira.

 

Zaporeak proiektuak 2011. urtean eman zituen bere lehen urratsak, Wukro-n (Etiopia) sukaldaritza eta elikadura arloan laguntzeko proiektu bat martxan jarri zuenean.

 

2014an, Zaporeak elkarteak, garai batean Intxaurrondoko Talde Gastronomikoa osatzen zuten partaide batzuen eskutik, Etiopiako Wukro herrian Sukaldaritza eta Ostalaritza Eskola bat sortzeko eta Greziako Chios uhartean dauden errefuxiatuak elikatzeko proiektuak habiarazi zituen.

Zaporeak proiektuko kideek helburu garbi bat dute: gastronomia eta elkartasuna uztartuz, ahal den neurrian, beharra duen jendeari lagundu.

Greziar kostaldeetara iristen ari diren errefuxiatuekin jazotzen ari den egoera lazgarriaren aurrean, ekintza humanitarioarekin bat egin eta Chios uhartean bizitzak salbatzeko esku hartzen ari diren GKE-ekin elkarlanean aritzea erabaki zuen Zaporeak elkarteak, ZAPORE SOLIDARIOAK proiektuaren bitartez.

 

Eta testuinguru honetan, gizarte osoak elkarlanean proiektu honetan parte hartu behar duela ulertuz, Pasaiako Itsas Festibalak, SUPER AMARA, SAGARDO ROUTE, AIZPURUA TXAKOLINA, CAFÉ BAQUE, KELER, ARGITRANS, LUMAGORRI, CONSERVAS ARTESANAS PEDRO LUIS, BACALAOS URANZU, ABERE HARAGIAK ETA INSALUS bezalako enpresekin batera, proiektu solidario honetan parte hartzea erabaki du.

Eskifaiek, Festibalaren antolakuntzak jarrita postuetan eta pertsona boluntarioen bitartez, ticket batzuk erosi ahal dituzte prezio murriztuan, eta Ciriza Etxea jantoki bezala egokitu da berauek erabiltzeko.

 

Gure kulturaren adierazgarri argia da ondo jateari diogun zaletasuna, eta sukaldaritzari eta solidaritateari diogun gurtza. Horretxegatik, Zaporeak elkartearen eskutik eta SUPER AMARA, SAGARDO ROUTE, AIZPURUA TXAKOLINA, CAFÉ BAQUE, KELER, ARGITRANS, LUMAGORRI, CONSERVAS ARTESANAS PEDRO LUIS, BACALAOS URANZU, ABERE HARAGIAK ETA INSALUS enpresen lankidetzarekin, Pasaia Itsas Festibalak bere alde solidarioa ere erakutsi du.