Izaskun Gómez Cermeño


Pasaia, portu onera

Izaskun Gómez Cermeño
Pasaiako Udaleko Alkatea

Ongietorria egiten dizut webgune honetara Pasaiako Udalaren izenean.

Laster iritsiko zaigu maiatza eta harekin batera Itsas Festibal hau, ekitaldi kultural eta turistiko handia izateko bokazioarekin sortutakoa.

Kontinente osoko kultura-agendak uztartuko dituen agertokia izango da Pasaia egun horietan, eta itsas ondarea, Pasaia udalerri gisa garatzeko hain elementu garrantzitsua, izango da protagonista nagusia.

Bere portu naturalaren inguruan sortu eta hazi den herria dugu Pasaia, milaka urtez geroztik itsas jarduerari lotuta dagoena. Itsas industriaren eboluzioaren gune nagusietako bat izan da gure herria, ontziola ugarirekin eta nabigatzaile ospetsuekin. Ondare hori guztia, materiala zein immateriala, gaur egunera arte iritsi da, Pasaia euskal itsas ondarearen gune garrantzitsu bihurtuta. Arrantzak, merkataritzak eta ontzigintzak gure industriaren motorraren zati izaten jarraitzen dute, eta, gainera, jarduera horiekin lotutako elementu kultural eta historikoak agerikoagoak dira gaur egun itsas ondare hori berreskuratzearen alde lan egiten duten elkarteen ekimenari esker.

Iraganera joatea ahalbidetuko digu Festibalak, baita gure historia birbizitzea eta gure marinel zaharren eguneroko bizitzaren esentzia arnastea ere. Europako hainbat tokitako ontzi tradizionalak hartuko dituzte badiako urek, eta jarduerez betetako museo flotatzaile txikiak izango dira.

Udal-korporazioak pasaitarrak kontuan hartu nahi izan ditu Festibalaren diseinuan. Niretzat pozgarria da pertsona askoren lanarekin landutako programazioa aurkeztea, kolektiboen bidez edo indibidualki beren ahalegina eta dedikazioa jarri baitute erronka honi aurre egiteko. Lerro hauek baliatu nahi ditut haien denbora eta dedikazioa eskertzeko, baterako lan hori gabe hau guztia ez bailitzateke egia izango, inondik inora. Gainera, nabarmendu nahi dut gure herritarren proposamen, iradokizun edo ideia guztietara zabalik jarraitzen dugula.

Azkenik, ongietorririk adeitsuena egin nahi diet gure gonbidatuei eta gure herriko atea inoiz baino gehiago zabaldu. Itsas kulturaren festa hau gurekin partekatzera gonbidatzen zaituztegu!