Historia

Itsas gizon handien sorleku, eta zenbait errege helburu

Historikoki Pasaiako portuak funtsezko garrantzia izan du itsas industriaren eta arrantza-industriaren garapenean, portu naturala delako, kokapen estrategikoa duelako eta ontzigintzarako lehengaien hornidura ona duelako. Itsas gizon handien (Blas Lezo) sorleku, eta zenbait errege eta enperadoreren (Karlos V.a edo Napoleon) helburu, Pasaia beti izan da lehen mailako itsas base estrategikoa Europan. Lafayette markesak berak aukeratutako portua ere izan zen, Ameriketako Independentzia Gerran bizi izan zuen abenturari hasiera emateko.

Euskal arrantzaleek XVI. mendean izan zuten irabazpide nagusietako bat balearen arrantza izan zen, baita Atlantikoaren beste aldean ere, bereziki Red Bayn, Labradoreko eta Ternuako kostaldeetan. Adieraztekoa da horren inguruan, berriki Pasaia Red Bayrekin adiskidetu izana, bi herri horien arteko harremanaren adierazgarri. XVI. mendetik XVIII. mendera bitarteko Europako balea-portu onentzat hartua izan da Pasaia.

XVI. mendea baino lehenagoko dokumentazio historikorik ia ez badago ere, historialariak ziur daude merkataritza- eta kultura-trukea izan zela Pasaiaren eta Kantauri Itsasoko eta Europako hainbat punturen artean Kristo aurretik milaka urte batzuk lehenagotik. Dena den, itsas jarduera horren hondar arkeologiko nabarmenenak erromatarrek gure eskualdean izan zuten presentziatik aurrera daude, eta hori horrela, zenbait txanpon erromatar agertu dira Pasaian eta Errenterian, bertatik irteten baitzen Arditurriko meategian ateratako minerala.

«Pasaia, Kantauri Itsasoa eta Europako hainbat puntuekin Kristo aurretik milaka urte batzuk lehenagotik lotuta egon da»

Erdi Aroan, Pasaje izenez ezaguna zen lekua gaztelaniaz, eta portu-jarduera horren inguruan sortutako herrigune txikiak zenbait azpiegitura sortzen hasi ziren beren lana hobeto garatzeko, hau da, arrantza eta horrekin batera Bizkaiko burdinaren inguruko lana. Bizkaiko burdina eta hemengoa nahasten zituzten Oiartzungo Ibarreko burdinoletan. Ez da harritzekoa, horrenbestez, indarraldi ekonomiko berri horrek inguruko herri boteretsuagoen interesak erakarri izana. Nafarroako erregeak (Antso VI. “Jakintsua”) Foruak eman izanaren ondorioz, Pasaia banatuta geratu zen Donostiaren (1180. urtean, gaur egun Pasai San Pedro) eta Hondarribiaren artean (1207. urtean, gaur egun Pasai Donibane).

Flandriako Bidea deitutako biderako ere prestatu ziren azpiegiturak, Pasaiako portuak zeregin garrantzitsua betetzen baitzuen iparreko azpimesetaren eta Ebroko ibarraren artile-soberakinak Europako manufaktura-merkatuekin lotzeko, eta ondoren, XVI. mendean, bakailaoaren arrantzarako interesa piztu zen, horretarako Islandiaraino eta Ternuaraino joaten zirelarik. Balearen arrantzarekin batera, industria produktiboena izan zen XVIII. mendean.

«Pasaia Flandriako Bidean Ebroko ibarra eta Europaren arteko komunikazioan puntu garrantzitsua izan da»

Pasaia oso portu garrantzitsua izan zen ontzigintzarako. Ameriketarantz abiatu ziren ontzi asko hemen egin zituzten. Ingurunea erabakigarria izan zen ontzigintzarako, lehengaiez hornitzen baitzuen portua (zura, burdinolak…). XVI. mendean portu gutxi zeuden prestatuta zeharkaldi handietarako, pasaitarrak izan ezik, espezialistak baitziren eraikuntzan, lehengaietan eta nabigatzaileetan.

XVIII. eta XIX. mendeetan, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra izan zen portu-jardueraren ardatz, eta geroago Filipinetako Errege Konpainia eta Meatzetako Errege Konpainia Asturiarra.