Ondare portua

Zaintzen dugu, ikertzen dugu, zabaltzen dugu

Gaur egun Pasaiak hainbat ekimen ditu itsas kulturarekin lotutako ondare aberatsa lantzen, kontserbatzen edo zabaltzen dutenak.

Albaola - Itsas Festibala

ALBAOLA, EUSKAL ITSAS FAKTORIA

ALBAOLA WEBGUNEA

Ontzi historikoen eraikuntza jarduera nagusitzat duela, Pasaia San Pedron dago Albaola Itsas Kultur Faktoria, eta gune berritzaile bat da, itsas teknologia artisaua berreskuratu eta balioan jartzen duena. Jendearentzat irekia dago Faktoria, eta bere dinamismoa, bere jardueren aniztasuna eta nazioarteko bere proiekzioa ditu ezaugarritzat.

Gaur egun San Juan ontzia egiten ari dira, 1563an Pasaian egindakoa. San Juan ontzia, garai horretako hobekien kontserbatutako eta ikertutako balea-ontzia, UNESCOren Munduko Itsaspeko Itsas Ondarearen sinboloa da.

Albaola Pasaia Itsas Festibala

APRENDIZTEGI, LANCE LEE NAZIOARTEKO ONTZIGINTZA ESKOLA

ONTZIGINTZA ESKOLA WEBGUNEA

Estatu Batuetako ontzigintza tradizionalaren irakaskuntzaren aitzindari Lance Leek sortutako ereduan oinarritzen da Albaolak berriki inauguratutako eskola. Eredu pedagogiko horrek ikaskuntza-prozesua lehenesten du hasieratik praktikaren bidez, eta ikasleen motibazioa du ardatz nagusitzat. Hasieratik, ontzigintza tradizionala eta haren teknologia eta teknikak berreskuratzea izan da Albaolaren helburu handienetako bat. Eskola-diseinu berri eta berritzaile hori martxan jartzearekin batera, ekarpen bat gehiago egin nahi du Albaolak itsas ondarea berreskuratzeko eta, oro har, sozializatzeko bere zereginean.

Pasaia Turismo Itsas Festibala

ITSAS GELA-MATER MUSEOA

MATER MUSEOA WEBGUNEA

Irabazi-asmorik gabeko ITSAS GELA elkartea Pasaian sortu zen itsasoarekin estu lotutako pasaitarren kuadrilla baten eskutik. Itsas kulturak eskaintzen dizkigun aukeren sorta zabala ezagutzera emateko helburuarekin sortu zen, betiere kontserbazioa eta ingurunearekiko eta bertako jendearekiko errespetuan oinarritutako ikuspegi batetik begiratuta. Horretarako, arrantza- eta kultura-ondarea aktibatzea sustatzen duten neurriak garatzean kontzentratzen dute beren lana, hainbat jarduera eta MATER atun-ontzia kudeatuz, azken hori Kantauriko azken atun-ontzi klasikoa eta ontzi-museoa delarik.

Draga Itsas Festibala

JAIZKIBEL DRAGA

1933. urtean eraiki zuten Bilboko Euskalduna ontziolan eta Kultura Intereseko Ondasun deklaratuta dago, eta Gipuzkoan geratzen den errematxe bidez osatutako Euskal Herrian egindako azken ontzia  da. Pasaiako portuaren dragatze-lanetan aritu zen 1984ra arte. Albaola Itsas Kultur Faktoriaren alboan dago.

Pasaia Itsas Festibala

BLAS DE LEZO PASAIAKO ITSAS ARRANTZA BHI

BLAS DE LEZO WEBGUNEA

Trintxerpeko barrutian kokatutako ikastetxea, nabigazioari, arrantzari, makinen mantentze-lanari eta itsas garraioari buruzko prestakuntza-zikloak ematean oinarritutako prestakuntza-eskaintza garatzen duena. 5.000 m2 eraikina du, itsas arloko, arrantza-arloko eta osasun-arloko prestakuntzan espezializatutako gelekin.

Honako hauek ere baditu, gainera: komunikazioko, nabigazioko, arrantzako eta suteen aurkako simulagailu eta egiazko ekipoak; motorrak eta itsas makinak doitzeko, mantentzeko eta konpontzeko tailerrak, itsas sistema elektrikoak, baita automatizazioa eta hotzeko ekipoak ere. Bestalde, beste zenbait ekipamendurekin hornituta dago, hala nola ikus-entzunezko eta informatikako aretoak, eskola-ontzia eta erreskate-ontziak. Ikastetxean irakasle espezializatuek mota guztietako ikastaroak ematen dituzte itsas titulu profesionalak lortzeko, baita ziurtagiriak eta nazioartean homologatutako tituluak ere.

Azti Pasaia Itsas Festibala

AZTI-TECNALIA – PASAIAKO ZENTROA

AZTI WEBGUNEA

AZTI Fundazioa zentro teknologiko bat da, TECNALIA korporazioaren barruan dagoen itsas arloko eta elikadura-arloko ikerketan eta berrikuntzan espezializatutakoa, eta produktu eta zerbitzu bihurtuko diren ideiei forma ematea du helburu. Hain zuzen ere, industria-sarea dinamizatzen eta natura-baliabideak berreskuratzen eta zaintzen dituzten enpresa-ekimenak sortzeko ideiak bideratzen ditu. Ikerketa estrategiko eta aplikatua egiten du, eta itsas ikerketarako soluzio integral eta berritzaileak ematen ditu: itsas ekosistemen funtzionamendua, arrantza-kudeaketa jasangarria, itsasoen eta kostaldeen kudeaketa, baliabideen erabilera eraginkorra: teknologia akuikolak eta itsas teknologiak, eta bestalde, elikadura-ikerketan: elikagai berriak, prozesu eraginkor eta jasangarriak, kalitatea, elikadura-segurtasuna eta identitatea, kontsumitzailea eta merkatua.