Kokapena

OARSOALDEA ESKUALDEA-SAN SEBASTIÁN REGION

Gipuzkoako ipar-ekialdean dago Pasaia, Oarsoaldea-San Sebastian Region eskualdearen barruan, Frantziako mugatik 15 kilometro ingurura.

Pasaiak, Errenteriak, Lezok eta Oiartzunek osatzen dute Oarsoaldea-San Sebastian Region eskualdea. Herri horiek beren kaleetan, eraikinetan eta fisonomian gordetzen dute gaur egun oso ondo ikus daitekeen itsas iragana. Eskualdeko udalerrien arteko komunikazio nagusia itsasoz egiten zen XIX. mendera arte.

OIARTZUN

Egungo Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dago Oiartzun, eta itsas jarduera handiko herria ere izan zen, izen bereko ibaiaren bokalea kontrolatzen baitzuen, ibaiak gaur egun baino sakonera askoz ere handiagoa baitzuen. Gainera, ontzigintzarako lehengaien hornitzaile bikaina zen (burdinolak, basoak, eta abar). Arditurriko meategia da nabarmentzekoa, erromatarren garaian (I.-II. mendeak) bertatik ateratako mineral nagusiak eramaten eta ontziratzen baitzituzten Pasaian: beruna, burdina eta zilarra. Arditurriko meatzeak ez diote bere jarduerari utzi historian zehar, eta gaur egun bisita daitezke.
 

LEZO

Pasaia bezala, itsasoari begira garatu da hasieratik, eta Pasaiako portuaren zati garrantzitsua izan zen, Errenteriarekin batera. Ontziolak ere izan zituen. Bikain gordetako bere herrigune historikoak itsas elementuak erakusten ditu bere fatxadetan, eta guztien artean elementurik ezagunena, zalantzarik gabe, Santo Kristo Lezokoa da, bizarrik gabeko irudia, zeina, legendaren arabera, XV. mendean agertu zen itsasoaren gainean flotatzen, eta mirari ugari esleitu zaizkio historian zehar. Bitxikeria gisa, 1570ean gertatu zen Santo Kristo Lezokoari esleitutako lehen miraria, Ternuan zeuden Lezoko eta Pasaiako marinel batzuen alde.
 

ERRENTERIA

Eskualdeko herrigune historiko handiena gordetzen du, monumentu edo kultura-interes gisa katalogatutako 20 elementu baino gehiagorekin. XVI. mendean, ontziak eraikitzeko zentro garrantzitsua izan zen Errenteria, Gipuzkoan zabaldu zen lehen errege-ontziola bertan egon baitzen: Basanoagako Errege Ontziola. Herrigune historikoan oraindik ere ikus daiteke itsas ondare hori, eta nabarmentzekoa da Kapitan Etxea (XVI. mendea), gaur egun Jantziaren Zentroa biltzen duena.